Zotzean Bizia
Nemesio Etxaniz

teatro-testuak.com

Pertsonaia bakarra Anton da, Ameriketan galdua dabilen gizakumea. On Nemesio Etxanizen antzezlan hau luzeagoa zen berez eta beste bukaera bat zuen: "happy end". Baina horrekín dena izorratzen edo ederregitzen zuelakoan (barkatu bukaera aldez aurretik esatea, baina), OSTIELA-k suizidatuarazi egiten du Anton. Barkatuko al digu Don Nemesioren itzalak! 
Ostiela 
 

Antzez-zapia jasotzerakoan, etxe kantoi bat azalduko da. Gaba da, ta goi-saimar argi-mutil bat piztuta dago kantoian. (....)Ormari itsatsita, arrizko jarleku bat degu.
Farol-azpian puroa piztu nairik dabil. Bere artean izketan:

Orra, Anton; eldu gaituk azkenera. Etzegok geiago aldaparik. Joan ituan kezkak. Etzan, begiak itxi, belarriak gortu, aragia usteldu ta ezurrak austu. Nun da Anton... Auskalo! Aspaldi eztiagu aren berririk, illa izango dek.

Puroa pizten hasi da, ke-bolara batzuek zabaldu bitza.

Ondo illa, ala ere! Ordurako arrak beren lana egina izango diate nerekin. Lur-zulo bat aski izango diat nere gorputz gozakaitz au sartzeko. Arnas-toki bapua, alajainkia! Neguko gau luzetan, euri otzak aidean ostatu dezanean, nere gañeko lurrak ardo izoztu ura otzikaraz edango dik. Elurra izango dik gero estalpe... ta jela gañeko azal gogortua. Bost ajola neri! Ordurako, nun ote-dituk nere ezur-aragiok? Lurpean aspaldi ustelduak, noski. Bapo, Patxi, nere txikitako lagun zarra... Zer esango ote-uke, emen íkusiko ba-nindukek puro bati kea ateratzen?

Ondo piztu ote-dan begiratzen dio.

I ere, nunbait izango aiz, bada. Kalifornia'ko zelaietan artzaintza gozoa ez uan izango. Ni, Arjentina'ko zabalune auetan, ez nauk askoz gozoago ibili. Ordu ontan alkarrekin ba-giña, nolako izketaldi-giro izango genduken. I, agian, oraindik amesetan aiz. Nik, baztarra jo diat. Laster, emen geldituko nauk ankaz gora, ao-zabal, aundi ta txikien bildurgarri. Agon lekuan agola, agur, Patxi, lagun zar nekatua. Nerekin ba-induket, a zer nolako estutua emango nikekan il baño len. Bai, il baño lenago! Ori erabakia zegok. Ire lagun zarra ba-zijoak, ta laister aztuko diate Anton, ire lagun zarra, ezagutu zutenak.

Puroari begira:

Piztu dek nere tabako-zotza. Berdin dan kasuan, exeri nadin patxaran puroa erretzeko.

Ke-aldi batzuek bota bitza.

Ederki zegok! Apatx ementxe...

Etxe-orma-ondoko jarlekuan exeri bedi.

Zertan giñan? A, bai! Nere buruarekin izketan. Bakarrik eta izketan? Señale txarra orixe... ¡

Burua batzez erakutsiaz..

Ganbaratik koloka ote-nago? Zerbait esango nuke... Munduan dabiltzan ero-taldeak nere asmo-berri ba-lute, ala esango liakete. Bai, gizona! Nork esan bear zidan neri egunen baten, puro au nere bizia neurtzera etorri zitekenik? Nere bizian erre dedan ederrena... ta gaurko lan onek merezi zuan, nere biziari agur egiteko artu baitet. Bai, jaunak. Ta ez asarratu emakumeok andrerik aitatu ez dedalako. Bai, andreak ere... Erabakia artu det, eta ez nau ezerk atzeratuko. Puro au erretzen dedan bezin laister, nere biziak jai du. Nere burua bertan ilko dedala, alegia. Ta ez jarri arpegi ori. Eztago izutu bearrik. Ez naiz aurrena izango, ezta azkena ere. Orren arpegi itxusia jarri al-det? Puro bat patxaran erretzen ari dan gizonak, zer du bildurgarririk? Lekuak izutzen al-zaituzte? Ba-dira txarragoak. Orduak? Illunak? Egia, ba-dira aukera obeak, baña bakoitzak bere bidea du, ta eztago aukeratzerik. Datorren bezela artu bear ordua ta lekua. Ta neri oneloxe etorri zait. Gaur gabean eta ordu onetantxe.. Baña oraindik ba-det puxkaterako purua. Azken-une auek milixka ditzagun ondo...

Puroari kea atereaz:

Tira! Pronto nazue berriro pillosopietarako. Zergatik noan nere burua iltzera? Gogoa eman didalako? E? Baimenik ez dedala orretarako? Ta jaiotzeko, zeñek eman zidan, bada? Iñork eskatu al-zidan aurretik nere iritzia? Ba-al zekian iñork bizitzerik nai nuan ala ez? Arrazoi eskasa! Ta mallarik-malla ontara ekarri nauten ezbearrak bialtzeko, nork eskatu dit neri baimenik? Zer, bada? Nere burua lorpean itotzeko bakarrik al-det eskubidea?

Ori, bai; iltzen ere jakin egin bear da. Zenbait bezela, batu to batu dirua, beti beartsu bizitzeko? Norbere buruari ezer opa ez, eta millaka duro bestentzat utzita iltzeko? Gezurrak irten dio! Eztu orrelako erokeririk egingo onoko onek. Bestentzat diru-gose larriegiak! Orrenbeste izerdi, testamentu eder bat egiteko? Gutxiagok on egingo dio nere ondorengoari!

Nere nekeak neretzat izango dira. Nik irabazitakoaz, eztu iñork parrerik egingo. Nik batutakoak, neronek jango ditut; ta gero, sartu nazatela zuloan. Aste ederra eraman det azkenengo au. Nituan apurrak nere gustora eralgi ditut. Nere azkenengo txanponak puro au erosten urtu, ta orain patxaran beste aldera joango naiz. Ederki asmatua! Amaika kaiku ba-da munduan! Norbere burua il bear, eta egundoko tratu txarra artzen ibilli? Ero arraioak Aitzetan bera beren burua botatzeko estu-aldia pasa, gero saietxezurrak ausita erdi-illik minez gelditzeko? Edo-ta bizia galtzeko, trena noiz pasa-zai aspertuta egon? Ta uretan galtzen diranen azken negargarria? Edanaz il bear, eta urez mozkortuta il? Alde ederrekoa zan nik gaur edan dedan pattarra! Nik ere noiz-edo-noiz aberatsen bizimodua probatu bear nuan, eta aste ontan ederki eman diot nere buruari. Orain bapo nago biziari agur egiteko. Nere azkena gozoa izango det; ez bizia izan dedan bezelako latz eta gorrotagarria.

Bizia! bizia! A, zer nolako ollaskoa ortzak zuritzeko! Jaio-orduko negarrez gatoz... segi gero negarrez (gaitza dala, senide ta lagunen eriotza dala, norbaitek utzi edo saldu gaituala), ta negarrez eman azken-arnasa. Orretarako onenbeste lan gure azal au gordetzen? Nolako ero-etxea degun lur au! lkusi itzazu gizonen nekeak goizetik gaberaño... diru pixka bat iristearren, artzen dituzten jorraldiak... batak besteari egiten dizkieten txakurkeriak... auzokoak auzckoari, lagunak lagunari, anaiak anaiari... Nolako izerdi ta buru-austeak egunero! Nolako gorrotoak erri ta etxetan! Ta gora-naiak dakarzkian ito- bear eta arnas estuak? Batak besteari aurrea artu nai au. Ni nagusi ta i morroe. Nolanai irabazi, nolanai agintzen jarri. Bizi! naiz ta besteak zapaldu. Bizi! naiz ta besteak il. Au al-da gure bizi-maña? Au onenbeste arretaz gorde bearreko kutxa? Dijoala dana txakurraren salara! Ez nazue geiago lokarri oni lotua eukiko. Beti etorkizunari begira. Gaur neke ta biar neketerdi. Bizpairu, dirutan igari; ta beste guziok eziñaren atzaparretan estu. Atzo goibel eta gaur kazkabarra... goiza txakur, eta arratsaldea basakatu. Gaur etengo ditut kate oiek. Ba-noa kezka gabeko gabera... gose-egarririk ez dan lurretara...

Beti arpegi berdiñak ikusten, kale berdiñak zearkatzen. Aspertu naiz oraintxe. Banoa, esan det; eta banoa, izango da. Erruki al-nazue? Nik gehiago zaituztet zuek. Ni, neronek aukeratutako orduan ilko naiz. Zuek, al-dakizue nola ilko zeraten? Bide-baztarren baten? oean? gerran? Al-dakit nik! Ta azkenean, milla nekeren buruan, il bear izateko, gutxien nai izango dezuen orduan iltzeko.

Zutitu ta puroa erakutsiaz:

Bildur al-zerate? Ikusten al-dezue puro au? Iltzera dijoa, ta eztu batere bildurrik. Ni au baño olloagoa izango al naiz?

Keari begira:

Ba-oa erretzen. Kea! Kea! Zer dituk besterik gizonen ametsak? Zer gizonen usteak... gizonen sinisteak... pozak... negarrak... ondasunak... galerak...? Nere bizia ere, ke-utsa izan det. Amesa guzia; baña ontan dago aldea: batzuek ames ederra egiten dutela; nik, geienak bezela, ames txar baten igaro det nere azken-aldi au. Noiztikakoa det, gero, nere gainbera au? Oraintxe ogei bat urte ezkerozkoa. Nere zoriak Ameriketara irauli niñuan ezkero, ez det pauso on bat eman al-izan. Bat-batean Panpetako zabalera onetan ur-tanta bat itxas-erdian baño galduago nintzan. Giza- burruka ontan sartu ninduten. Etorkizuna illun jarri zan neretzat. Goizetik gobera, jai ta aste, nere indarrak lan gogorrean urtzen. Ta bururik jaso ezin. Inguruan ezagunik ez. Nere illunpe larri au argitzeko, iñoren esku lagunik ez da luzatu. Ta gizonak neurri bat du, ta nere neurria bete da.

Kea botatzen:

Ba-oa erretzen... gero ta aituago... geroago to motzago... eorren eriotzara urbiltzen, ni bezelaxe... Nere urteak zer izan dira, nere bizia erretze bat baizik? Egunik-egun, ordurik-ordu, nere bizia erretzen etorri naiz; nere indarrak aitzen, osasuna zatika botatzen. Ilili naizen baztar bakoitzean, an gelditu dira nere alegiñen auts eta txingarrak.

Ba-oa erretzen! Joan etengabean. Egunak gaba to goizak arratsaldea zekarrek gurpil eroan, eta gurdia gelditzerik etzegok. Gure bizitza-mataza gutxitzen goaz, eta eriotz-mulloa ariltzen une bakoitzean. Aldapan bera dijoazkigu etorkizun-zaldiak, eta badator ondatuko gaituan pendiz illuna. Ibai azkarrak garamazki guziok. Noizean bein, ur-loa... baña ura beti aurrera dijoa. Uste gutxiena degunean, an dator ur-jauzi bat, eta an goaz leizean bera galtzera. Ba-oa erretzen! Ta suak arama; barruko arrak jaten au, gu geronen griñak jaten gaituztenez. Aundi-naiak... gora-naiak, aginte-egarriak, alkar zapaltzera ekartzen gaituzte... Goza-naiak oñaze-itxasoan sartzen du gizona. Ardo-billa joan, eta ozpin eta beazuna edan bear. Irabazi-goseak, diru-amorro orrek, zenbat galera dakarkigun! Irabazi erruki gabe... neurri gabe... besteen lepotik... besteak itoaz... to erruki atzean gelditzen dana!

Ba oa erretzen! Su gorrixka... ire sudur-pinporta gorria itzaltzera zijoak. Gorri bizia dek izerdia ateratzen digun eguzkia. Gorri illa gabetako kezkak egosten dizkiguten illargi ta izarrak. Gorria barruan irakiten dara magun odola ere. Gorriak asarre-lotsak jartzen dizkiguten arpegiak. Gorriak zenbait lore ere. Laister zimelduko aiz, nere eskuko su-lore gorrixka ori.

Su gorri! Gorri etortzen gera mundura. Gorri, esku-utsik, emendik aldegin bear. Poliki-poliki erazten goaz gure egunok, indarrak, almenak... eta azkenean, lur gorria gure oe solla. Gero, lo! Ametsik gabeko loa; gose egarri gabeko loa; esnaera gabeko loa... lo betea! Gero, utsa! Ez ikusi, ez entzun, ez somatu. Utsa! Utsa! Ondorik gabeko zulo aundi bat. Illun sakona. Gau-zelai zabala, ta baztarrik ez iñun. Gabe-leizea! Gero, bakea! Bizi-neke au, bizi larri au ukatu. Nik dedan atseden-gogoa ase. Ai, atsekabe-lur oni agur egiteko dedan gogoa!

Puroari begiratu bat emanaz:

Nere tabako-zotza, ez aiz geiago gauza. Ire egitekoa bete dek... nere bizia neurtu didak, eta orain ez aut ezertarako.

Puroa lurrera jaurti beza, esanaz:

Oa lurrera ta gal adi autsetan. Aurki biok berdiñak izango gaituk. Ta oran, ator neri eriotza gozoa ekarriko didaken izkillu errukitsu ori.

Sakeletik pistola bat atera beza.

Ik ekarriko didak gizonak eman ez didaten pakea. Tresna maitagarria... giza-gogo minduei beren kezka guziak kentzen laguntzen diekan burni beltxarana. Une batean gozatuko dituk gaitz guztiak. Puroak egin du bere lana. Orain egin beza berea pistola onek. Eriotza barruan dakar. Eriotz azkarra ta gozoa. Eskuz muñetaraño jaso... beatzez sakatu pixka bat, eta billa nazatela biziak.

Bizi nai duten eroak! Ni il-ondorengo, lantxo bat utziko diet gizajoei. Or asiko dira bereala: Zein ote-da? Zeñek il ote du? Ba-dute pixkaterako lana... ez didate papelik billatuko aldean... guziak aurretik erre baititut. Etxe ontakoak artu bear duten ikara, nere tiroa aditzen dutenean...! Ilda gero, pozik egongo nintzake txulo batetik begira, guztien kontura parre egiteko... PUNNN!!!


Euskal Antzerkiak
Kulixka sorta"-tik (1958)

 
Amaiera

 

teatro-testuak.com
Egilea: Joseba Barrenetxea