Lehoia eta sagua
Behin batean, lehoia lurrean etzanda zegoen, luze-luze eginda, lo egin nahian. Eta sagua gainetik zebilkion zirikatzen, txintxan. Lehoia sagua buztanaz uxatzen saiatu zen. Saguak ekin. Lehoiak purrustada batzuk egin zituen. Alferrik. Lehoiak, azkenean, erpekada batez harrapatu zuen sagua.

Ahora sartzekotan zegoela, saguak barkamena eskatu zion:

- "Mesedez, faborez, arren, enazazu jan! Ni hain nimiñoa izanda, etzara asetuko. Gainera agian nire laguntasuna beharko duzu egunen batean."

- "Sagu batek niri lagundu? Ja, ja."

Lehoiari arrazoi barregarria iruditu zitzaion eta barkatu egin zion.

– "Tira, alde hemendik!" 

Saguak eskerrak eman eta ziztu bizian aldegin zuen, lehoia damutu baino lehen.

Handik egun batzuetara, lehoia ehizan zebilela tranpa batean, sare batean, kateatuta gelditu zen. Han zegoen oihaneko erregea askatu ezinik, gixajorik gixajoenaren antzera, ezertarako gauza etzela. Amorratuta eta erabat etsita, lehoiak oihu ikaragarri bat egin zuen, oihana dardarka jartzeko adinakoa. Atera kontuak nolakoa izango zen: oihartzunak berak ere belarriak mindu egiten zituen.

Oihua entzun eta.. etzen ba sagua ingurura etorri! Sagua sareari haginka hasi zitzaion bere hortz txiki eta zorrotzak erabiliz. Orain sokatxo bat apurtu, gero beste bat, gero beste bat eta azkenerako lehoia askatu zuen. Hura lehoiaren poza! Lehoiek berez dute aho galanta ezta?, ba ikustekoa zen lehoi haren irribarrea! Pozik egonda ere beldurra ematen zuen haren ahoak.

Sagua ez, sagua etzen beldurtu.

- "Esan nizun behin, ni askatzea zure onerako izango zela. Ni aske utzita asmatu egin zenuen. Indartsuenari ere makalaren lagun izatea komeni zaio".

Lehoiak arrazoia eman zion. Ikustekoa zen! Katu otzan baten antzera mugitzen zuen buztana eta lehengo orroeak edo purrustadak egin beharrean: 

- "Aii, Nire sagutxo kuttuna! Etorri nirekin ene maitea!"

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)