Ahuntz iheslaria
Gomuta ez dudan herri batean ahuntz bat bizi zen. Bizi, bai, baina ez pozik. Baserri inguruko belarrarekin nazkatuta zegoen. Basoarekin egiten zuen amets, basoko belar gozoarekin, baina lotuta egoten zen beti eta ezin handik urrundu. Behin ordea, soka puskatzea lortu zuen eta basora joan zen ihesi.

Basoan, egun argiz dena iruditu zitzaion txundigarria, baina gauez begi distiratsu pare bi etorri zitzaizkion gainera. Eta segidan hortz luze batzuk ikusi zituen hurbiletik. Bai, bi etsai aurkitu zituen: azeria eta otsoa. Zein baino zein beldurgarriagoak.

Ahuntza harrapatu eta euren txabolara eraman zuten. Egosita jateko asmoa zuten. Pizti haiek etzuten bihotzik.

Azeriak eta otsoak ura irakiten ipini zuten beheko sutan, baina gatza falta zitzaienez, otsoa herriko dendara joan zen. Herria urruti zegoen eta denbora asko beharko zuen itzultzeko. Azeria urduri zegoen ura lurrunduz zihoalako eta, aulki batera igota, lapikoari begiratu zion goitik. Egoera hori aprobetxatuz, ahuntzak bultza egin eta lapikora jaurti zuen azeria. Bertan seko geratu zen. Etsai bat gutxiago.

Otsoa dendatik itzuli baino lehen, ahuntzak atea krisketaz itxi zuen, kris-kras.

- "Atea! Ireki atea!" Otsoa bueltan zen.

- "Ezin dut", esan zuen ahuntzak. "Azeria gurinetan joan da eta preso utzi nau".

- "Atea botako dut orduan", esan zuen otso basatiak asko pentsatu gabe.

- "Etzaitez txotxoloa izan. Ez duzu atea apurtzeko beharrik. Sartu tximiniatik".

- "Tximiniatik? Ados, banoa. Kendu lapikoa".

Zer uste duzue? Ahuntzak lapikoa kendu zuela? Plausta! Han erori zen otsoa, ur irakinetara. Akabo bigarren etsaia ere.

Ahuntzak estalkia jarri zion lapikoari eta baserrira abiatu zen galapaka. Egun hartatik aurrera baserri inguruko belarra izugarri gustatzen omen zaio.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net