Lehoia eta zurgina
Antzina ez zegoen etxabererik. Antzina animaliak gizakiaren beldur ziren.

Behin lehoi batek asto batekin egin zuen topo. Astoa korrika zetorren, erabat ikaratuta.

- "Gizakia gure atzetik dabil, gu akabatu nahian".

- "Lasai!", erantzun zion lehoiak. "Badakizu, ni animaliarik indartsuena naiz eta erpekada batez hil dezaket gizon bat".

- "Ba orduan abia gaitezen geu gizakiaren atzetik", esan zuen astoak.

Bidean zihoazela zaldia aurkitu zuten. Hura ere gizakiari iheska zebilen.

- "Lasai!" esan zioten "Etorri gurekin" 

Eta zaldia lehioa eta astoarekin joan zen.
Beranduxeago behia agertu zen eta hura ere taldean sartu zuten.
Handik ordu batzuetara agure zahar bat aurkitu zuten bidean. Zurgina zen, harotza. Egurra eta tresna batzuk zeramatzan lepoan.

- "Eta zu zein animalia zara?", galdetu zioten animaliek.

- "Ni zurgina naiz", erantzun agureak.

- "Zurgina? Ze animailia mota da hori? Bueno, berdin dio. Etorri gurekin. Gizakiaren bila goaz. Harrapatzen dugunean akabatzeko asmoa dugu".

- "Egia esan, ... ezin dut", erantzun zuen zurginak. "Tigrearekin elkartu behar dut".

- "Trigrearekin?", galdetu zion lehoiak jelozkor.

- "Bai. Txabola bat egin behar diot, bertan sartu eta gizakiak harrapa ez dezan".

Ui, ui, ui... Mutur ederra jarri zitzaion ba lehoiari hori entzundakoan.

- "Geldi hor! Lehenengo niri egin! Tigreak itxarongo du".

Zurginak egurrezko txabola txiki bat eraiki zuen txistik esan gabe. Amaitu bezain laster, lehoia barruan sartu zen. Orduan zurginak sarrera ere oholez josi zuen.

-"Orain ezin da gizakirik sartu, baina zu ere etzzara aterako", esan zuen zurginak. "Bestela badakit jan egingo nauzula eta".

Lehoia orroeka hasi zen, haserre. Astoa, zaldia eta behia, ordea, berehala konturatu ziren ezinezkoa zela gizakiari ihes egitea eta berarentzat lan egiteko prest zeudela esan zioten.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net