Mutil txiroa eta maskorrak
Ozeano Barea oso toki ederra da, baina han ere txakurrak oinutsik... ez, ez, hori beste ipuin bat da. Ah, bai, ......baina han ere bada premia larrian bizi den jendea. Istorio honetako protagonista esate baterako.

Behin batean mutil txiro honek, protagonistak alegia, bapo bazkaltzen ari zen gizon talde batekin egin zuen topo. Mutilari adurra zerion. Gizon guzti haiek maskorrekin apainduta zeuden. Maskor gehien zeukan gizona hurbildu zitzaion; herriko buruzagia zen eta harrokeriaz hitzegin zion: "Hi zaparro! Ikusi al duk sekula honenbeste maskor?".

- "Egunen batean zuk baino gehiago izango dut", erantzun zion mutikoak.

Gizonak barre egin zion eta, handitasuna erakutsi nahian, oskol zatitxo bat jaurti zion lurrera.

Zatitxoaren truke mutilak mandarina atal bat lortu zuen azokan. Atala lurperatu eta lo geratu zen. Esnatu zenean zuhaitz ikaragarri bat ikusi zuen bere ondoan. Tximuen pare igo zen adarretan gora eta espirituak aurkitu zituen goian. Espirituek, mutikoa gosetuta zegoela ikusirik, jatera gonbidatu zuten eta bazkalostean bi gauza eman zizkioten: maskorrez beteriko zaku bat eta aizkora bat. Maskorrak buruzagi harroa txunditzeko eta aizkora zuhaitz erraldoia mozteko, izan ere, gizakiari etzaio erakutsi behar espirituenganako bidea.

Hankak lurrean ipini zituenean, zuhaitza moztu zuen eta ondoren herriko buruzagiarengana jo zuen.

- "Zer, gazte? Bildu al duk maskorren bat?", bota zion gizonak.

Poltsako oskol piloa erakutsi zuenean, herritarrak ahozabalik geratu ziren, aho-zabalik baina mutu. Hitza berreskuratu zutenean mutila herriko buruzagi berri izendatu zuten.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net