Urrezko ahatea
Behin batean Mozolo izeneko mutil bat pinaburutan joan zen basora. Bidean agure zahar-zahar batekin egin zuen topo eta Mozolok jatera gonbidatu zuen. Agureak eskerronez ahate bat oparitu zion Mozolori. Baina ez nolanahiko ahatea: urrezko lumaduna!

Etxerakoan hiru ahizpa bizi ziren ostatu batean pasatu zuen gaua. Neskatilak kuxkuxera hutsak ziren eta, Mozolo zurrungaka zegoela, poltsan zer aurkituko hasi zitzaizkion.

Ahizpa nagusiak ahatea ikusi zuenean urrezko luma bati egin zion tira eta hari itsatsita geratu zen. Erdikoa nagusiari laguntzen saiatu zen: gonatik heldu eta.... hura ere itsatsita. Gazteenari gauza bera gertatu zitzaion: itsatsita.

Hurrengo egunean Mozolok etxerako bideari heldu zion berriro. Eta, jakina, bere atzetik ahatea eta ahizpak zeramatzan..... itsatsita.

Apaizak ikusi zituenean ederra sermoia: "Neskato lotsagabeok! Zer egiten duzue mutilaren atzetik?"Azkeneko neskari heldu zion geldiarazi nahian eta apaiza ere itsatsi.

Sakristaua agertu zen orduan. "Goazen mezatara" esanez eskua luzatu zion apaizari eta.... sakristaua ere soka dantza hartan itsatsita. Eta Mozolo? Mozolo etzen ezertaz konturatzen!

Sakristauak laguntza eskatu zion baserritar bati eta hark ere besteen atzetik joan behar, itsatsita.

Taldea erregearen etxe aurretik pasatu zen. Erregea oso kezkatuta zegoen alabak ez zuelako sekula irribarrerik egiten. Alabari irribarrea ateratzeko gai zenari sari handi bat emateko prest zegoen: alabarekin ezkontzeko baimena emango zion. Alaba, Mozolo gazteluaren aurretik pasatzen ikusita, barrezka hasi zen. Sabeleko mina ere egin zitzaion. Sabeleko mina? Hortzak ere lokatu egin zitzaizkion.

Gero bikotea ezkondu egin omen zen eta ahateak hegan egin omen zuen.

Eta besteak? Bai, itsatsita zuendenak? Horiek ere hegan egin ote zuten? Itsatsita?

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net