Katu azkarra eta arkumea
Etxean katua duzuenok ondotxo jakingo duzue oso animalia azkarra eta bihurria dela. Ba behin batean gizon batek katuaren maltzurkeriekin gogaituta etxetik bota zuen katu hori. Alde kanpora! Katua, mendian, arkume baten lagun egin zen.

Katua eta arkumea. Zelako bikotea!

Behin, basoan zihoazela otsoburu bat aurkitu zuten, gorputzik gabeko buru handi bat.

Aurreraxeago otso talde batekin egin zuten topo. Bikote hura ikusita otsoak pozik, adurra zeriela. Katuak zer egingo eta agindu bat eman zion arkumeari, ozen, otsoek entzuteko moduan: 

- "Aizu Bekereke, ekarri gaurko ehiza, afaria pretatu behar dugu eta."

Arkumeak berehala ulertu zuen. Inguruko sasitzara joan eta otsoburuarekin itzuli zen. Otsoak ikaratuta geratu ziren.

- "Hori ez motel! Hori lehenago jan dugu. Ekarri oso bat, hemen gonbidatu asko dago eta".

Otsoek ihes egin zuten erabat beldurtuta.

Bidean hartz batekin egin zuten topo. Hartzari gertatutakoa kontatu eta honek barre egin zien. Bikote xelebrearen bila joan eta gordinik jatea proposatu zien otsoei. "Goazen!"

Katua eta arkumea zuhaitz batera igo ziren talde beldurgarri haren pausu hotsak entzuteaz bat. Otsoak eta hartza etziren ohartu bikotea goian zegoenik, goi-goian, adar bati helduta.

Denbora pasa ahala, arkumea gero eta nekatuago eta azkenean behera. Fiuuu! Hartzaren buru gainean erori zen. Eta orduan katu zorriztoak goitik: "Heldu ondo hartzari! Hartara biharko janaria izango dugu!" Hartzak, bere onetik aterata, arkumea urrutira jaurti eta ziztu bizian ihes egin zuen. Itsututa zegoen eta "erasotzailea" nor zen ere etzion igarri. Zorionez arkumea sasitzan erori zen eta etzitzaion ezer gertatu.

Katua, pieza ederra!

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net