Zozo urrezalea
Garai batean zozoa zuri-zuria zen: elurretan ez zen ikusten.

Behin batean birigarroarekin topatu zen. Honek urrezko eraztun bat zeukan mokoan, oso disdiratsua, ......liluragarria. Zozoa, behintzat, liluratuta geratu zen.

- "Ze eraztun ederra! Horrelako bat nahi dut nik!"

- "Buf!! Horrelako bat lortzeko urrutira joan behar da".

- "Nora?"

- "Altxor ezkutuaren lurraldera. Nahi baduzu bidea erakutsiko dizut".

Toki menditsu batera iritsi ziren eta Birigarroa kobazulo baten atarian gelditu zen:

- "Hemen da. Ni kanpoan geratuko naiz. Sartu eta hartu eraztun bat, baina ez ukitu besterik ezer".

Zozoa ziztu bizian sartu zen koban. Barrura joan ahala, gezurra badirudi ere, gero eta argitasun handiagoa zegoen. Zilarrez beteriko gela bat aurkitu zuen lehendabizi, gero urrez beteriko beste bat. Zer zen hura! Sutan dagoen basoa ematen zuen.

Hainbeste urre ikusita zozoak birigarroaren aholkua ahaztu egin zuen eta hauts gorriz betetako kutxa batean sartu zuen mokoa. Pepeloa! Hori egin bezain laster mamu bat agertu zen iluntasunetik, ahotik sua zeriola. Eta haren hatsak bete betean harrapatu zuen zozoa.

Kobazulotik atera zenean, birigarroak errieta egin zion:

- "Esan eta alferrik... Esan dizut ba ezer ez ukitzeko".

Nola jakin ote zuen birigarroak? Erraza da ba: Zozoak mokoa gorri-gorri zeukalako, urre kolorekoa, eta lumak erreta, beltz-beltzak.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net