Sugea eta indiarra
Antzina eguzkiak etengabe berotzen zuen lurra eta jendeak ez zekien zer zen gaua. Hura miseria!

Animalia bakar bat moldatzen zen ondo giro hartan: sugea. Hark bazekien zer zen itzala eta iluntasuna. Harri arteko freskura bilatzen zuen eta lurpeko zirrikituetan irristatzen zen hezetasun bila.

Indiarrek horren berri izan zutenean, sugearengana jo zuten, sugeen erregearengana hobeto esanda.

- "Jao! iluntasuna eskatzera nator. Ordainean txilin bat dakart."

- "Txilina? Nik eskurik ez ordea!", esan zion sugeak buztana mugituz.

- "Berdin dio. Txilina buztanari lotu eta kito. Hartara ez zaitu inork zapalduko".

Aja! Ideia ona. Sugeak, trukean, iluntasun apur bat eman zion zakutotxo batean sartuta, baina indiarrari gutxi iruditu zitzaion.

- "Nik iluntasun osoa nahi dut".

- "Uuuf! Askotxo eskatzen duzu. Tira! Trukean gezietan erabiltzen duzuen pozoina nahi dut. Ados?"

- "Ados!"

Sugeak zaku handi bat eman zion oraingoan eta abisua egin: "ez zabaldu herrira iritsi arte". Baina indiarrak, kuriositateak bultzatuta, zulotxo bat egin zion zakutoari eta zeru lurrak ilundu egin ziren bapatean. Hark egin zuen egitekoa! Gaua sortu zuen, nahi gabe!

Sugeen erregeak, bestalde, pozoina banatu zuen bere menpeko sugeen artean. Denek nahi zuten eta borrokan hasi ziren. Azkenean, batzuk pozoin asko hartu zuten, beste batzuk gutxi eta beste batzuk bat ere ez. Egia esan, gaur egun ez da erraza jakiten zein den pozointsua eta zein ez. Erregearen familiakoak, ordea, errazak dira ezagutzen: horiek txilina daramate buztanean eta pozointsuak dira denak, jakina.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net