HIRURENTZAKO TXABOLA

Garai batean lehoinabar bat eta bi ahuntz, zaharra eta gaztea, txabola berean bizi ziren, baina animalia desberdinegiak ziren elkarrekin ondo konpontzeko. Ahuntzek talka egiteko zaletasuna zuten eta lehoinabarrak erpeka egitekoa. Nahaste txarra.

Laster hasi ziren tirabirak. “Beti ibiltzen zara orroaka gauez”, “Zuek txabola gorotzez betetzen duzue”.

Egunero izaten zuten eztabaidaren bat. Baina hori ez zen larriena. Behin lehoinabarrak ahuntz bat hil zuen oihanean eta txabolara tatarraz eraman zuen, jateko asmoz. Ahuntz zaharra asko haserretu zen lehoinabarrak bera bezelako ahuntz bat hil zuela ikusita. Onartezina zen! Berak ez zuen haren haragirik jango. Ezta!!!

Oso haserre zegoenez, oihaneko ehiztariarengana joan zen lehoinabar bat hil zezan eskatzera. Ti ta, garbi! lehoinabarra hil eta gero, txabolara eraman zuen gorpua. Arnasestuka egin zuen bidea. Ahuntzarekin bizi zen lehoinabarrak hildako lehoinabarra ikusi zuenean asko haserretu zen. Onartezina zen! Berak ez zuen haren haragirik jango. Ezta!!!. Oso haserre zegoen, bai, eta erabat harrituta ere: nola hil ote zuen ahuntzak lehoinabar hura? Ahuntz gazteak hau erantzun zion: “zaharrak begitan hartzen bazaitu, zureak egin du, kaput, zulora”.

Lehoinabarra dardarka hasi zen eta buru makur ihes egin zuen, ahuntzaren ahalmenak beldurtuta, ikaratuta, izututa.

Harrez gero, lehoinabarrak eta ahuntzak elkarrengandik urruti bizi dira; lehoinabarrak oihanaren iluntasunean eta ahuntzak gizakiaren inguruan. Gizakia ez delako hain arriskutsua. Hori da behintzat euren ustea.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net