AZERI AZKARRA

Oihan beldurgarri hartan tigrea zen jaun eta jabea. Animalia guztiak ikaratzen ziren haren atzapar izugarriak gogoratze soilarekin. Saguek, elefanteek, oreinek... denek zioten beldur eta denak ahalegintzen ziren haren bidean enbarazurik ez egiten.

Baina, egun batean, azeria aurrez-aurre topatu zen trigrearekin. Azeriak alde batera eta bestera begiratu zuen: han ez zegoen inolako ezkutalekurik.

Tigreak izutzeko moduko orroe bat egin zuen eta hortz zorrotzak erakutsi zizkion. Azeriak aurre egin behar zion nahitanahiez. Atzeko hanken gainean jarriz, ahalik eta gehien tentetu zuen gorputza.

-“Ausartu zaitez, memelo hori! Bibotearen ile bakar bat ere mugitzen baduzu jipoitu egingo zaitut! Ez duzu, ez, egun hau erraz ahaztuko!”.

Tigrea barrezka hasi zen, ozen, errime. Barre algara haiek oihan osoa beldurtzeko modukoak ziren.

-“Inozoa! Gorotz bat baino ez zara nire aldean eta! Inurri bat tigre indartsu baten aldean! Zein kalte egin ahal didazu zuk? Gizakiak, armatuta egonda ere, ikaratu egiten dira nire aurrean”.

-“Bai. Baina gizakiak nirekin ikaratzen dira gehien”.

-“Lelokeriak baino ez dituzu esaten!”.

-“Ez duzu sinisten ala? Erdu nire atzetik eta ikusiko duzu”.

Tigreak ezin zuen sinestu ere egin. Bera baino animalia askoz txikikiago batek berari hordagoka? Nola liteke?

Azeriak herrirako bidea hartu zuen eta metro batzuk atzerago tigrea abiatu zen. Belar handia zegoen inguru hartan. Herrira gerturatu zirenean, azeria oihuka hasi zen: “Banoa, banoa” herritarrak izutu nahian. Belartza hartan ezinezkoa zen azeria ikustea, baina tigrea jauzika ikusi zutenean, herritarrek ihesari eman zioten izututa.

Azeria gelditu eta tigreari hurbildu zitzaion:

-“Ikusi duzu nola beldurtu ditudan? Herri batera hurbildu bezain laister, herritarrek ziztu bizian alde egiten dute. Zuri ordea inork ez dizu jaramonik egiten”.

Tigre memeloak arrazoia eman zion eta burumakur joan zen.

Azeriak, etxerantz lasai-lasai zihoala, gogoeta hau zerabilen buruan:”Hortz zorrotzak baino askoz beldurgarriagoa eta arriskutsuagoa da jakituria”.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net