HADDOCK
Egilea: Jokin de Pedro

teatro-testuak.com

 
 

Tintinen abenturetako pertsonaiekin jositako obra laburra, ume txikiei (Lehen Hezkuntzakoei) emateko aproposa. Hergé handiaren liburuetan pertsonaiek agertzen dituzten izaera eta jokabide berberak azaltzen dituzte lantxo honetan ere. Komikigile belgiarrari egindako omenaldi txiki bat besterik ez da. Getxoko Geroa ikastolako haurrek behin antzeztua.

DRAMATIS PERSONAE

tintin
Tintin

milou
Milou

haddock
Haddock
kapitaina

tournesol
Tournesol

dupondt
Dupond
Dupont

Nestor
Nestor

Bianca
Bianca
 Castafiore

Artista gonbidatua: Irma

 

Testua

(Moulinsart gazteluko egongelan gaude. Kanpotik etxe barrura datorrela, Haddock sartzen da; pozik dator, txistuka)

HADDOCK Aaa, hau gozamena! Basotik ibilalditxo bat egiteko udaberriko giroa bezalakorik ez dago. Gogoa bizkortu egiten da eta gorputza indartu, mila arraio!

(Ispiluari begira eta besoetako "bola" ateraz)

Aha! Haddock zahar hori: oraindik sasoian hago, zer arraio! (Ispilukoarekin boxeo plantak egiten hasten da) Hu, hu, tori agure zatarra! (Kolpea saihesteko gerria makurtzen du) Aha, trukoak niri, e? Itxaron, babo arraioa! Hop! Eutsi hau... eta beste hau! Mila deabru! Orain ikusiko duk, papaoa!

(Keinu erridikuluetan ari dela, Nestor maiordomoa sartzen da)

NESTOR Deitu al didazu, jauna?

HADDOCK Eee...? Ba... ez; bai, bai, noski... zera... ekarri whiskya. Horixe, Nestor, ekarri whisky bat Haddock kapitainari, bai horixe! Tira, tira...!

NESTOR Bai, jauna, berehala. Zera... gutun bat duzu, jauna. Mahai txikiaren gainean utzi dizut.

HADDOCK Ondo da. Eskerrik asko, Nestor.

(Nestor gelatik irteten da)

HADDOCK (Jesartzen da; bakarka hasten da) Tiiira, ba. Pipakadatxo bat erreko dugu, zer arraio! Nahikoa aire garbi arnastu dut gaurkoz. Hau bakea, hau lasaitasuna! (Pipa piztu nahian poxpoluaz atzamarra erretzen du). Mila deabru! Poxpolu alua! (Orain lurrean dagoen poxpoluari begira) Baina, baina... nola egin eta saldu daitezke horrelako poxpolu mokordoak? Zaude hor, pestea! (Poxpolua amorruz zapaltzen hasten da. Une horretan Tintin sartzen da)

TINTIN Kapitaina, ondo al zaude?

HADDOCK Eee... bai, Tintin, ondo nago. Zer ba? Atzamar bi kiskalita eta txiki-arraio eginda ditut. Bestela, primeran.

TINTIN Zelan goizeko ibilalditxoa basotik?

HADDOCK Emmm... ondo, itzel. Orain whiskya hartzeko nengoen. A, hor dakar Nestorrek.

(Nestor sartzen da, erretilua eskuan)

NESTOR Hona zure whiskya, jauna.

HADDOCK Eskerrik asko. Tintin, zeozer hartu gura duzu?

TINTIN Bai. Egarri naiz oso. Ekarri baso bat ur, Nestor, mesedez.

NESTOR Berehala, jauna. (Badoa)

TINTIN Zeuretzako gutun bat heldu da, kapitaina.

HADDOCK Badakit, Tintin; Nestorrek esan dit. Ea, ireki dezagun. (Mahai gainetik hartzen du) Nondik ote dator? Italiako seilua... Milano (¡?) Zera ez da izango... Bai, berarena da, mila tximista! Bianca Castafiore, Milanoko urretxindorra bera! (Atsekabeturik) Irakur ezazu zeuk Tintin, mesedez. Whiskya patxadaz hartu nahi dut. (Whiskya eskuan, soprano ahotsa imitatuz, Traviata-ko brindisa kantatzeari ekiten dio:) Libiamo...!

(Nestor sartzen da)

NESTOR Zuretzako ura, Tintin jauna. (Haddocken whiskyaren mahaitxoan uzten du)

TINTIN Mila esker, Nestor.

HADDOCK Ura, ura. Baina nola edan dezakezu hori, adiskidea? Ahoa garbitzeko ondo dago. Edo dutxatzeko, tira. Baina whisky on bat dagoen lekuan, aaa! (Edaten du) Zoragarria!

TINTIN Nahi duzu gutuna irakurtzea?

 

HADDOCK Irakurri, irakurri, ea zer dioen txoriburu italiar horrek. Ha, ha, ha! (Barre zantzoka) Hamaika barre egin daiteke marizoro kantsagarri horrekin... urrun dagoen bitartean, jakina. Barkatu, Tintin, irakurri, moztu egin dizut berriz ere.

TINTIN La forza del destino operarekin jira egiten dabilela dio, arrakasta handia lortuz.

HADDOCK Arrakasta handia botikarioentzat. Milaka, milioika aspirina salduko zituzten Castafioreri entzunda sortutako burukominak direla eta. Ha, ha, ha! (Barre zantzoak eginez) Utzidazu barre egiten, arranopola! Ha, ha, ha!

TINTIN Kapitaina...

HADDOCK Bai, Tintin, bai, jarraitu. Ha, ha, ha!

TINTIN Ba, zera, hemendik hurbil kantatuko duenez, gure etxera, Moulinsartera etortzeko asmoa du bere entsaioak egiteko toki aproposa dela eta...

HADDOCK (Bat-batean zutik jarrita) Nola? Moulinsartera? Hona? Hamaika mila tximista eta txinparta! Kito gure bakea! Kaka zaharra! Gure lasaitasuna... txakurraren putza!

TINTIN Lasai, gizona.

HADDOCK Lasai, diozu, lasai? Hau gerra da, lurrikara, sumendia, etsipena, zoramena, suizidioa...! Deabruaren kumea! Nora eta hona etorri behar, "lasai" geundenok izorratzera!

TINTIN Baina, kapitaina, Castafiore aspaldiko laguna dugu.

HADDOCK Laguna? Laguna bai, isilik balego! Baina kantatzen hasten denean hamaika mila anbulantziaren sirenek batera baino astrapala jasangaitzagoa ateratzen du txorikote arraio horrek! Ai gure belarri koitaduak! (Eten bat egiten du; gero, tonua aldatuz:) Eta noiz heltzekoa da? Beste era batera esanda, zenbat denbora dugu geure buruaz beste egiteko?

TINTIN Maiatzaren hogeita seian.

HADDOCK Maiatzaren hogeita seian... Mila demontre!!! Baina, baina, GAUR da maiatzaren hogeita seia! Gureak egin du! (Altxatzen da) Goazen errefugioetara! (Besoa altxatuz kanpora seinalatzen du) Lehenago whisky dzangada on bat hartuko dugu, hori bai. (Edaten du, baina okerreko basotik, Tintinenetik; ondoezik jartzen da, jesarri eta ito beharrean gelditzen da) Aaaa! Aaaa!

TINTIN Kapitaina, ondo zaude? Zer duzu? Jainkoa, baina... ito beharrean dago! Itxaron, medikuari deitzera noa!

HADDOCK Eeeez... (Erdi itota eta buruaz ezetz adieraziz) Ura, ura...

TINTIN Ura nahi duzula? Hartu. (Ura eskaintzen dio)

HADDOCK (Zerbait suspertuta) Ez, kasuen zotz! Ura izan dela honela jarri nauena. Zure ur madarikatua edan dut, whiskya zelakoan. Aaa, hau larritasuna! Deabruaren edabe zantarra! Kaka zaharra hori asmatu zuenarentzat!

TINTIN (Haddocki gutunarekin haize emanez) Hobeto zaude?

HADDOCK Bai, bai, pasatuko da, pasatuko da. Beste inoiz ere gertatu izan zait. Pare bat aldiz...Uuuf! Tira, zertaz ari ginen?

TINTIN Zera... Castafiore andereñoa etortzekoa dela...

HADDOCK Txakurraren putza! Egia da, egia latza. Hara, Tintin, adiskidea: etsita nago. Bai, uste dut egoerari aurre egitea beste irtenbiderik ez dagoela. (Nestorri deika) Nestor, ekarri kotoia, eduki prest etxean daukagun kotoi guztia!

TINTIN Kotoia? Minik hartu al duzu?

HADDOCK Min... nire belarriek hartuko dute Castafioreren garrasi zatarrak entzuten badituzte. Beraz, prest egon behar...

(Tournesol sartzen da, urduri, pendulua eskuan)

TOURNESOL Ez dut ulertzen, ez dut ulertzen. Mendebaldera markatzen du penduluak eta, hala ere...

HADDOCK Hara bestea. Zerbait galdu zaio ala perretxiko bila ote dabil?

TOURNESOL Jainkoa! Ez da posible.

TINTIN Tournesol jauna, zerbait galdu duzu?

TOURNESOL Bai, bai, egun on zuoi ere. Barkatu, hain nago kezkaturik...

HADDOCK Kezkaturik, zergatik kezkaturik?

TOURNESOL (Haserre) Kakazturik nagoela, ni kakazturik? Zer broma mota da hau, kapitaina? Jakizu ez nagoela txantxetarako!

HADDOCK (Besoa Tintinen lepoan jarriz, etsipen aurpegiarekin) Tintin, esaiozu zeuk, mesedez, ea ulertzen dizun. Hau gehiegi da niretzat. Castafiore nahikoa ez bazen...

TOURNESOL Babalore? Nor da babalorea?

TINTIN Ez, Tournesol jauna, inork ez du horrelakorik esan. ZER GALDU OTE DUZUN jakin nahi genuke, besterik ez..

TOURNESOL Astirik ez, astirik ez, zuk esan duzu. A, azkenean batek ulertu du zer gertatzen ari den. Ez dago galtzeko astirik: inork ikusi ez badu nire kutxatila, poliziari dei egin behar zaio. Arazo larrian gaude, adiskideak.

TINTIN Zer kutxatila? Laboratorioko zure asmakizun berriren bat, agian?

TOURNESOL Ez, ez da hori. Laboratorioko nire asmakizun berria da, ulertzen? Eta garrantzitsua bezain arriskugarria izan liteke, gainera. Hara: gorrentzako entzungailu berria asmatu dut, iraultza ikaragarria gorren arazoentzat. Imajina ezazue mundua gorrik gabe!

HADDOCK (Hasperenka) Zoragarria izan behar du.

TOURNESOL Ez, ez, alderantziz, zoragarria izango da. Hala ere, entzungailuaren bateria da miresgarriena: bateria nuklearra da, konturatzen zarete? Energia nuklearra bateriak kargatzeko erabilia! Baina...

HADDOCK Baina?

TOURNESOL Tamaina? Txikitxoa da, josteko kutxa baten tamainakoa edo txikiagoa. Arazoa... ene ama, zelako arazoa! Tintin: aurkitu egin behar dugu kutxatila hori, bestela kalte handia jasan dezakegu etxe honetako guztiok eta bai inguruko hamar kilometrotan bizi direnek!

TINTIN Ihes nuklearra! Erradioaktibitatea! Jainkoarren, poliziari deitzera noa segituan.

TOURNESOL Hori, hori, aktibitatea behar da. Izan ere, ohartu naiz errakuntza handia egin dudala eta badakizu horrek zer arrisku dakarren. Eta onena, nire iritziz, poliziari deitzea.

(Tintin telefonora doa. Markatzen du)

TINTIN Komisaldegia? Aizu, bidali mesedez polizi ikertzaileren bat Moulinsart jauregira. (...) Bai, premiazko kasua da, lehenbailehen. (Eskegitzen du). Kapitaina: ni laboratoriora noa Tuornasolekin, ea kutxatila hori aurkitzen dudan. Zu gelditu hemen poliziaren zain.

HADDOCK Ondo da, baina ez utzi Tournesoli beste ezer asmatzen. Munduaren amaiera izan liteke.

TOURNESOL Tintin, hara zer pentsatu dudan: zergatik ez zatoz laboratoriora nirekin? Hamaika bider bilatu dut, baina nork daki? Agian bion artean... (Badoaz. Haddock bakarrik gelditzen da)

HADDOCK Baina, profetaren bizarragatik! Nola etorri ote nintzen bizitzera zoroetxe honetara? Itsasoan nabigatzen jarraitu beharko nuen. Deabruak daramatzala toxoropito horren laboratorioa eta bere asmakizun aluak! Egundo halakorik!

(Txirrin-hotsa atean)

HADDOCK A, hor da polizia. Azkar etorri da, arranoa! Banoaaa! (Arrapataka altxatzen da eta aterantz doa; bere bidean Nestor topatzen du, hau ere atea irekitzera doala eta elkar jotzen dute ustekabean) (Nestorri:) Hamaika mila deabru! Ez duzu, ba, entzun ni noala irekitzera? Kasuen zotz! Zer arraio gertatzen da etxe madarikatu honetan?

NESTOR Barkatu, jauna, ni...

HADDOCK Ondo da, mila arraio, baina kontuz ibili. Eta orain kendu paretik, ez dut ezusteko gehiago izan nahi! (Atea irekitzen du. Castafiore da, bere neskame Irmarekin)

CASTAFIORE (Garrasika berba eginez) KARPOCK, sorpresa!

HADDOCK CAS-TA-FI-O-RE (Atzeraka doala) Hau po-po-poza! Besterik ez nuen behar!

CASTAFIORE Aspaldiko laguna, zatoz nire besoetara, Karpov kapitaina!

HADDOCK Haddock naiz, arraioa, Haddock! (Castafiorek masailetan musu ozen bana ematen dio)

CASTAFIORE A, bai, Madock, horixe, beti erratzen naiz. Hau poza zu berriz ikusita! O, zu beti bezain gazte eta galanta, nire bihotzeko itsasgizona!

HADDOCK Zu ere sasoi betean zaude, arranopola! (Haserre aurpegikeraz eta besteak musu emandako lekuan eskua jarriz)

CASTAFIORE Hara, azalduko dizut nire bisitaren zergatia...

HADDOCK Ez da behar. Jaso genuen zure mehatxua, ehem... zure gutuna Milanotik. Badakigu, bai, La forza del vespino interpretatzen zabiltzala. Ez zenigun esan, baina, zein den zure papera: vespinoarena, suposatzen dut.

CASTAFIORE (Barre algara zoroak eginez) HA, HA, HA... Zu beti hain umoretsu, adiskidea! Baina hitzak nahasi egiten dituzu, caro: Destino, La forza del destino. Capisci, Kodack maitea? Tira ba, eta orain... Irma!!! Irma, bitxiak? Non daude nire bitxiak?

HADDOCK Hara, hasi da akelarrea.

CASTAFIORE Irma!!! Ez nazazu ikaratu, arren! Non ote dago nire bitxien kutxatila? Ai ene, non utzi duzu?

HADDOCK Ez nuen jada gogoratzen...

(Irma azaltzen da, kutxatila bat eskuan)

IRMA Hemen, hemen dago, andereñoa, maleten ondoan neukan.

CASTAFIORE A! Va bene! Il mio cuore, Madonna! Eraman itzazu logelara! Presto, presto!

IRMA Bai, andereñoa, berehala. (Badoa. Castafiore eta Haddock jesartzen dira)

CASTAFIORE Tira, tira, hainbeste denbora elkar ikusi barik nola bizi gaitezke?

HADDOCK Pse, moldatzen gara.

CASTAFIORE O, Madonna! Eta Tintin non dago? Eta Pimentol profesorea?

HADDOCK Tournesol, andereñoa, Tournesol!

CASTAFIORE Bai, noski, barkatu, Koplock...

HADDOCK Haddock, mila arraio, Haddock, Coliflore andereñoa! (Haserre)

(Txirrina jotzen dute; Nestor atea zabaltzera doa)

(Dupond eta Dupont poliziako ikertzaileak sartzen dira)

NESTOR Oi! Dupond eta Dupont jaunak! Zuen zain geunden.

DUPOND Gure zain? Eta nola jakin duzu etortzeko ginela, e? Nola? (Nestorri atzamarraz paparrean kolpetxoak emanez)

NESTOR Nik...

DUPONT (Honek ere keinu bera eginez:) Nik are gehiago esango nuke: nola jakin duzu etortzeko ginela, e? Nola?

NESTOR Ba, Tintin jaunak dei egin du komisaldegira eta...

DUPOND Tira, tira, ez hasi gure galderei iheska. Aitortu behingoz!

DUPONT Horixe, aitortu, aitortu behingoz!

HADDOCK Baina , zer astrapala da hori? Utzi bakean gure Nestor gizajoa eta hasi zuon lanarekin, txorakeriak alde batera utzita!

DUPOND Txorakeriak?

DUPONT Txorakeriak?

DUPOND Haddock kapitaina, zerbait eskatu edo, areago, agindu egin behar dizugu: ez jarri oztoporik gure ikerketari, gero! Susmagarri nagusia galdezkatzen gabiltza eta aitortzeko puntuan dago.

DUPONT Nik are gehiago esango nuke: susmagarri nagusia da eta aitortzeko puntuan dago.

HADDOCK Nestor susmagarri nagusia? Burutik egin duzue? Oraindik ez dakizue zer gertatu den hemen eta Nestor ikaratzen zabiltzate zuen papaokeriekin? Nor zaretela uste duzue? Sherlock Holmes eta Hercules Poirot?

CASTAFIORE Zaude lasai, Kodack kapitaina, gizon oso jatorrak dira eta xelebreak, gainera. Baina... zergatik etorri da polizia? O, Dio, lapurretaren bat ez zen izango! O, celo! Nire bitxiak! Irma, Irmaaa, nire bitxiak! (Eskuak burura eramanda)

HADDOCK Hara bestea! Buruak eztanda egin behar dit laster!

(Irma lasterka sartzen da, kutxatila bat eskuetan duela)

IRMA Hemen daude, andereñoa, hemen daude .

CASTAFIORE A, Jainkoari eskerrak!

(Tournesol eta Tintin sartzen dira)

(Castafiore jaikitzen da eta beraiek besarkatzera doa)

CASTAFIORE O, Tintin! (Musukatzen du) Mistol profesorea! (Tournesol ere bai) Aspaldikoak! Hau poza!

TINTIN Pozten gaitu zu berriz ikusteak.

TOURNESOL Hau ezustekoa! Bianca Castafiore hemen, gure artean. Ongi etorri!

CASTAFIORE Mila esker! A, zuek beti hain jatorrak eta adeitsuak. Eta zu, Silvestre Girasol, nola moldatzen zara beti horren gazte egoteko?

TOURNESOL Gazta afaltzeko? Bai horixe, eta aurretik ere zernahi jan dezakezu, gure gonbidatua zara eta.

HADDOCK (Bere artean) A ze parea: barraskiloa eta barea! Batak ez du entzuten eta besteak ez du ulertzen.

TINTIN Tournesol jauna, hemen daude Dupond eta Dupont ikertzaileak ere. Eman diezaiegun desagerpenaren berri.

TOURNESOL Bai, Tintin, baina ezer baino lehenago eman diezaiegun desagerpenaren berri.

DUPOND Desagerpena? Hummm, susmagarria, oso susmagarria.

DUPONT Nik gehiago esango nuke: susmagarria, oso susmagarria.

TOURNESOL Ez, ez zen berria, bueno, asmakizuna bai, baina kutxatila ez. Kutxatila... (Irmak eskuetan duen kutxatilari begira gelditzen da) Irmak eskuan duenaren antzekoa da, oso antzekoa, oso-oso... (Pentsakor gelditzen da; Irmarengana hurbiltzen da eta kutxa hartzen dio) Jaungoiko laztana! Baina... hauxe da eta nire kutxatila! (Kutxa irekitzen du) Ea... eta bateria atomikoa ere bai! Ai, eskerrak, ondo dago dena, neurgailuak ez du erradioaktibitaterik antzematen! Salbatu gara!

(Irma ikaraturik dago)

DUPOND Geldi mundu guztia! Irma, sentitzen dugu: zure eskubideak irakurriko dizkizugu, atxiloturik zaude eta.

DUPONT Hori baino gehiago: oso-oso atxiloturik zaude, zeharo atxiloturik!

(Irma negarrez hasten da)

IRMA Baina nik kutxatila maleten ondotik jaso nuen, ustez Castafiore andereñoaren kutxatila zela, Italiatik ekarri duguna; hain dira antzekoak kutxatila biak!

DUPOND Aitzakiak, aitzakiak.

DUPONT Tira, tira, aitzakiak, aitzakiak.

CASTAFIORE Mamma mia! Ez duzue nire Irma ikutu ere egingo, basatiak halakoak! (Poliziak eguzkitakoarekin jotzen hasten da) Pentsatzea ere Irma ezer lapurtzeko gauza dela!

TINTIN (Castafioreri helduz) Lasai, Castafiore andereñoa. Errakuntza baten aurrean gaude, garbi dago. Irmak okerreko kutxatila hartuko zuen, ustez...

CASTAFIORE ... ustez nire, nire, nire... BITXIAK zirela! O celo! Mamma mia! Hortaz, kutxatila honetan ez badaude, non daude... NIRE BITXIAK? (Oihu handiak eginez) IRMAAA, NIRE BITXIAK!

(Une horretan, beste guztiek eskuak belarrietara daramatzate)

(Denak geldi geratzen dira. Haddock publikoarengana aurreratzen da eta jendeari begira honela dio:)

HADDOCK Amaitu da, hamaika mila tximista, amaitu da komedia alu zatarra! Pikutara dena!

AMAIERA

teatro-testuak.com